XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egia esan, ez zekiten zer ordu zen.

Falsarbabah zaharra bizitzari atxekitzen zitzaion enerjia guztiz, eta hortan ondo zebilen.

Bere adimenak argitasun urria antzematen zuen, bere arazo bakarra noizean behin Asanblada erdian edo Joiko gauetako afari eta jaietan lo hartzea izaten zen.

Nekez ireki zituen begiak Aithal izeneko mutil arduratsuak, bere laguntzaile nagusia sartu zenean.

Logurea zuen, nekaturik zegoen.

Zergatik bera kexarazi baldin...?.

- Zerbait gertatzen da, Falsarbabah hitz totelka mintzatu zen Aithal.

- Eta larria... paregabea dela uste dut.

- Zeri deitzen diozu zuk paregabea - esan zuen zaharrak bere jenio bizian ohe erdian eseritzen ari zen artean.

Ez zuen Aithalen erantzuna itxaron beharrik izan.

Orduari begiratu eta begiak kliskatu zituen pare bat aldiz, ikusten zuena egia ote zen bere buruari galdezka.

Bere ohe parean ezarrita zegoen ormaerlojuak bere bi orratzak erorita, hilda zeuzkan, lurrari begira.

Gauzaintzan erabiltzen zuen uretarako erlojuak mugimendu harrigarri bat egin zuen... atzeruntz.

- Zer gertatzen zaie erlojuei?- marmaratu zuen Falsarbabahek jasan ezinik.

Aithalek hondarrerloju bat erakutsi zion.

Hondarra beruntz joan beharrean goruntz zihoan.

Lehendakaria zutik jarri zen jauzi batez.

Bi pausotan leihoan zegoen eta leihohialak zabaldu zituen.

Ikusitakoak oraindik ere txundituago utzi zuen: egunak argitu zuen, baina ilargiak zeruan jarraitzen zuen, eguzkiaren parean, eta Joiko kaletako ikuskizuna Taoganek oroipen eta historia guztiak eraman zituen eguneko berdina zirudien.